Joan edukira

Administrazioa Euskaraz aldizkaria

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Dagoeneko ikusgai dago IVAPeko webgunean Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 105. zenbakia.

Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

Eztabaidan, glutenik gabeko elikadura

Glutena, intolerantzia ala moda da? Glutenik gabeko elikagaiak osasungarriagoak dira? Glutenik ez kontsumitzea ona al da osasunerako? Gai honen inguruko zalantzak argitzeko, honako aditu hauek izan dira gurekin:

Edurne Simon Magro doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Giza Nutrizioko eta Dietetikako Fakultateko irakaslea eta EHUko Glutena Aztertzeko Laborategiko ikerketa taldeko kidea. Glutenik gabeko dietaren ondorioz izaten diren gabeziak nola konpentsa ditzakegun azaldu digu.

Mireia Apraiz, Euskadiko Zeliakoen Elkarteko zuzendaria. Azaldu digu gaixoen egunerokotasunean glutenak duen eragina, eta elkarteak gaixoei laguntzeko egiten duen lana. Izan ere, zeliakoen elkarteak lan egiten du gaixotasunaren ondorioak arintzeko, diagnostikoa errazteko eta gaixoen bizi kalitatea hobetzeko.

Cristina Ascorbe Leioako Ostalaritza Eskolako ikasketa burua. Esan digu azken urteetan ostalaritza eskolan kontuan hartzen dutela zeliako eta intoleranteen arazoa. Ikasleei gaixotasun horren berri ematen diete, eta hori kontuan izanda, menuak nola prestatu ikasten dute. Horrela, aukera dute, ikasketak amaitutakoan, eguneroko lanean eskaintza intoleranteen beharretara egokitzeko.

  

Osasunean, infekzioak

Miren Basaras Ibarzabal Mikrobiologiako irakaslea da EHUn. Azaldu digu munduan milioika mikroorganismo edo mikrobio (birusak, bakterioak, onddoak eta parasitoak) daudela taldeka sailkatuta, baina guretzako horietan guztietan bakar batzuk baino ez direla kaltegarri: patogenoak. Infekzioak sortzen dira patogeno batek organismo bat (ostalaria) inbaditzen duenean, eta bertan ugaltzen hasten denean. Artikulu honetan, ostalari hori gizakia denean zer gertatzen den azaltzeaz gain, infekzioen sailkapenaz ere aritu zaigu.

Eta komunikazio elektronikoan, ingurune digitalerako esaldi egokiak (I)

Zein neurritan eragiten diote testu elektronikoen irakurketa-moldeek administrazio elektronikoaren testugintzari? Administrazioari gagozkiolarik, esan behar dugu gure erakundeek konpromiso sakona hartu dutela bai Internet bai baliabide elektronikoak txertatzeko beren funtzionamenduan; erronka estrategiko horren helburu nagusia zera da: herritarrekin azkar eta zuzen komunikatzea eta haiek egin beharreko izapideak erraztea.

Gauzak horrela, baldin eta administrazio-prozeduren digitalizazioa eraginkorra izatea nahi baldin badugu, ezinbestekoa da edukien komunikagarritasuna zaintzea. Horrek esan gura du, besteak beste, administrazioko testuak ingurune digitaleko patroietara egokitu behar direla, komunikatiboak izaten jarraitu nahi badute. Azkartasun horri erantzuten dioten testu elektronikoak eskaini behar dizkiegu irakurleei, ahal den neurrian; bestela, betiko paperaren eredura eta aurrez aurreko tramitaziora itzultzen ibiliko gara etengabe.

Horiek eta beste hainbat gai interesgarri uztaileko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 105. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da). (leiho berri batean irekitzen da)

Euskadi, auzolana