Joan edukira

Apirilean, Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 104. zenbakian...

Elkarrizketa Onintza Enbeita Maguregiri: "Aldaketa emozionala interesatzen zait, paralisi emozionala gainditzea"

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

 

 Onintzaren argazkia

Argazkia: Miel A. Elustondo

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2018ko abenduan Onintza Enbeita Maguregik (Muxika, Bizkaia, 1979). Bertsolari ez ezik kazetari, baserritar, feminista eta politikaria da. Txapela batek hainbat buru estaltzen ditu Onintzaren kasuan. Eta, beti, ahaldundua da. Madrileko politika giroan zaildu eta ahaldundua. “Han ikasi nuen esaten: ‘Onintza, zure iritziak inorenak beste balio du!’. Horrek ikaragarri balio izan dit bertsotarako”. Bidea egin du, eta txapela janztera heldu.

Miel A. Elustondo

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zenuen iazko abenduan. Zer eman dizu txapelak?

Lehenengo, aitortza. Nork bere buruari ematen diona ez ezik, ikusleek emandakoa. Eta, aitortzarekin batera, zilegitasuna. Hogei urte daramatzat bertsotan, eta, bitartean, etengabeko garapena bizi izan dut. Txapela ez da kasualitatez etorri, hogei urteko lanaren ondorio da. Aldi berean, kontziente naiz txapela arratsalde batean jokatzen dela. Da irabazten edo galtzen. Nik, orain, horixe esaten diot neure buruari: “Hogei urtean lan egin duzu, lan ona, eta horrek emaitza hauxe ekarri dizu. Txapeldun zara”. Niretzat, inportanteena da ispilu aurrean jarri eta neure buruari zilegitasun horixe aitortzea. Orain Onintza Enbeitak ez ezik, Bizkaiko txapeldunak egiten du berba. Horrek gauzak aldatu egiten ditu.

Eta irabazi izan ez bazenu?

Seguruenik berdin izango zen, ze ni ahobero samarra izan naiz beti, ezin naiz inoiz isilik gelditu, eta pentsatzen dudana esaten dut, bai bertsolaritzaz eta bai beste gai guztien gainean. Egia da, hala ere, orain beste ahalduntze batetik esaten ditudala gauzak.

Txapelketa egunaren hurrengoan, “Biharamona” zutabea idatzi zenuen Berria egunkarian.

Abenduak hamasei ditu gaur”, hasi zinen delako zutabea idazten. Lerro gutxitan, egun hartako Bilbo kontatu zenuen: Kale Nagusia, Athletic, Barrenkaleko giroa, Areatzako umeak, Sabino Aranak epaitegiari bizkarra emanda jarraitzen duela, Ledesma, Guggenheimeko turistak eta turista antza duten bertakoak, Santutxu eta Otxarkoaga… Zutabearen amaieran, kolpea: “Eta agian bat, edo bi asko jota, Otxarkoaga edo Errekaldeko zoko batean, bertso ajez esnatuko dira. Eta hor ibili ginen gu, mundua Miribillan hasi eta amaituko balitz lez”.

Askotan esan dut hori. “Gu hemen gaude,  gure bizitza jokoan balego moduan, baina bihar ere irtengo da eguzkia, eta munduak jarraituko du. Gure urrunekoa ez den jende asko ez da kontziente gu zer jokatzen gauden, txapelketa. Erlatibiza dezagun hau dena!”. Jakina, zutabea idatzi nuenean ez nuen pentsatzen irabaziko nuenik. Hala ere, idatzi nuena errealitatea da. Txapela irabazi nuen, gauza sinbolikoa, ze ez naiz kalean txapela jantzita ibiliko; baina mundu txiki batean, erreferente bihurtu naizela ematen du, nahiz eta mundu txiki horren barruan mundu txikiago batzuk badauden, eta horietan bizi direnak ez diren jabetu nire txapelaz. Horregatik esaten dut erlatibizatu egin behar dela. Galtzea erlatibizatu behar da, eta irabaztea ere bai! [Elkarrizketa osorik Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 104. zenbakian]

Euskadi, auzolana