Joan edukira

-(e)LAKO kausazko perpausa

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

 

“Inguratzen gaituen munduan gertaera batzuek beste batzuk sorrarazten dituzte. Euria egitea gertatzen bada, eta, ondorioz kaleak bustitzea, bata bestearen kausa dela esan dezakegu: gertaera batek (euria egiteak) beste bat sortu duela (kaleak bustirik egotea), alegia: Euria egin duelako daude kaleak bustiak”. (EGLU VI)

Kausazko esaldiak sortzeko baliabideetako bat dugu -(e)lako. Zergatik galderari erantzuten dio, eta, kausazko egituren artean, kausaltasuna modu zuzenago batez adierazten duena da.

                                    Euria egin (kausa) – kaleak busti (ondorioa)
                                    Euria egin duelako daude kaleak bustita.

                                    Erori zara (kausa) – min hartu (ondorioa)
                                    Erori zarelako hartu duzu min.

 Zergatik galderari zuzenean erantzun gabe ere erabiltzen da maiz:

                                 Ez naiz joango, eta ez gogorik ez daukadalako, baizik eta norekin joan ez daukadalako.

Kausa adierazteko hainbat bide

Kausa adierazteko hainbat bide ditugu, baina badira aldeak batzuen eta besteen artean. Beraz, esan dezakegu perpaus motaren arabera aukeratuko dugula esamoldea, dena ez baita zilegi.

Honako taula honetan ikus dezakegu:

Taulan ikus dezakegun bezala, kausazko perpausak erabil daitezke bai zergatik galderari zuzenean erantzuteko (kausal beteak), bai argibideak zein azalpenak emateko.

Egokia al da azalpenetan -(e)lako erabiltzea?

Bai, egokia da, baina ez aukerarik onena. Azalpenetarako aukerarik egokienak bait- eta -eta dira; -(e)lako, ordea, arraro samarra da azalpenezko kausaletan.

                                ? Berandu iritsi dira, errepidean kotxe ilara handiak zeudelako.
                                ? Mikel ez da etorri, nekatuta dagoelako.

 Kausal beteak, aldiz, batez ere -(e)lako atzizkiaren bidez osatuko ditugu. 

-(e)lako ala -(e)lakoan?

Antzeko formak izan arren, ez dute esanahi bera. Tentuz ibili behar dugu, beraz, beste baten hitzak eta iritziak jasotzen ditugunean. Zerbait kontatzen dugunean, ezin ditugu geure egin beste batek esandakoak. Hona hemen adibide batzuk:

                        ? Gezurretan ibili delako zigortu du irakasleak Amaia.
                          Gezurretan ibili delakoan zigortu du irakasleak Amaia.

                        ? Egoera larria dela esan du medikuak, azken orduetan gaixoa gero eta ahulago dagoelako.
                          Egoera larria dela esan du medikuak, azken orduetan gaixoa gero eta ahulago dagoelakoan.


Beraz, halakoetan hobe honela:

“30 urteko gizonezkoa atxilotu dute Iurretako enpresa baten lapurretan egin duelakoan”. Anboto, 2016-03-05

“Sei ataletan eman dira sariak, merezimenduzkoa barne, eta horien artean bidea ireki duen ekimen bat izan da saritua, euskararen sustapenerako ekintza onena izan delakoan: 'Egian euskaraz bizi nahi dugulako' ekimena”. El Diario Vasco, 2017ko urtarrilak 27

Bibliografia:

- Euskaltzaindia (1999): Euskal Gramatika, Lehen Urratsak V (Mendeko perpausak)
- Euskaltzaindia (2005): Euskal Gramatika, Lehen Urratsak VI (Mendeko perpausak)

 

 

Euskadi, auzolana