Joan edukira

Uztailean, Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 105. zenbakian...

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

 

 

Irudia: © F/ Eulalia Abaitua. Bilduma Colección Euskal Museoa-Bilbao-Museo Vasco

Emakume baserritarrak, hazi berria ereiten

Emakumea eta baserria betidanik egon dira estu lotuta. Maizegi egindako lana aitortu ez zaion arren, emakumeak denetik egin izan du baserrian; gizonezkoek adina, eta baita gehiago ere. Haurrak hezteaz, nagusienak zaintzeaz eta sukaldeko lanez eta etxeko garbiketaz eta mantenuaz gain, baratzea landu, uzta jaso, abeltzaintzan aritu, produktuak azoketan saldu... egin izan ditu. Etxeko lanaren eta baserriko beharraren arteko marra hain egon da lausotuta, ezen emakumeak zama bikoitza hartu baitu bere gain, eta gizarteak ez du jakin lehen sektoreari egin dion ekarpena lanpostu modura aintzatesten.

Baserriko lana berez gogorra bada, are gogorragoa izan da andreentzat, egin beharreko sakrifizioari gehitzen baitzaio emakume izate hutsagatik pairatu duten diskriminazioa. Bereizketa horren adierazle dira, besteak beste, ustiategien titulartasunaren inguruko datuak. Izan ere, 2013ko azterlan baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ustiategien % 35ek dute emakume bat titular. Gainera, profesional gisa jarduten duten ustiategien kasuan behera egiten du zenbatekoak, horien %25 baino ez baitago emakume baten izenean. Hortaz, datuok ez datoz bat andreek ustiategi horietan benetan egiten duten lanarekin.

Egoerari buelta eman eta, parekotasuna helburu, lan banaketa tradizionalaren eredua iraultzeko bidean, keinuak igarri dira azken urteetan, eta pauso sendoak eman dira emakume baserritarren lana bistaratzeko eta berdintasunaren hazia ereiteko. Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Emakume Nekazariaren Estatutua 2015eko urriaren 15ean, emakume nekazarien lana ikusgarriagoa egiteko eta emakumeek esplotazioen titulartasuna eskura dezaten sustatzeko. Berorren bidez, lehenengo sektoreko emakumeari eman beharreko aitorpen profesionala ematen zaio; eta dagozkion eskubide laboral, sozial eta fiskalak onartzen zaizkio, besteak beste. “Nekazaritzaren sektorean emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdinak izan ditzaten eta sektoreko eremu guztietan genero ikuspegia egon dadin beharrezko neurriak” jasotzen ditu Emakume Nekazariaren Estatutuak. [Artikulua osorik Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 105. zenbakian]

Hori eta beste hainbat gai uztaileko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 105. zenbakian.

Euskadi, auzolana