Joan edukira

Administrazioa Euskaraz aldizkaria

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Dagoeneko ikusgai dago IVAPeko webgunean Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 102. zenbakia.

Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

Elkarrizketan, Jose Ramon Etxebarria (Gernika, 1948). Ingeniari-ikasketak egin zituen, eta doktore da Industria Ingeniaritzan. Euskararen langile nekaezina dugu, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle aritu da berrogeita zazpi urtez, politikan ere ibilia… Horrenbeste lanen artean, testugintzak markatu omen du bere bizitza, eta esan digu testuliburuak egiten hasi zela, eta horrexetan ari dela erretiratuta ere. Aurton erretiraturik, tarte bat hartu du bizitako esperientziak eta pasadizoak Administrazioa Euskarazeko irakurleekin konpartitzeko.

Eztabaidan, plastikoaren gehiegizko erabileraz aritu gara. 1950eko hamarkadan hasi zen plastikoaren produkzio masiboa, eta ordutik etengabeko hazkundea bizi izan dute petroliotik eratorritako material horren ekoizpen eta kontsumoak. Gai honen inguruko iritzia eskatu diegu Iñaki Arriola Lopez Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; Jose Alvarez, Ekologistak Martxanen Bizkaia Zero Zabor plataformako kideari; Jon Ander Etxebarria Garate, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko dekanoari, eta Oihane Cabezas-Basurko, Aztiko ikerlariari.

Erreportajeko espazioan Euskaltzaindiaren 100. urteurrena eta euskara batuaren 50. urteurrena ditugu hizpide. Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun egin zuen biltzarra mugarri izan zen estandarizazioaren bidean. Orduan jaio zen 50 urte bete berri dituen euskara batua, eta Arantzazuk, berriz ere, adituak bildu ditu “Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018)” lemapean. 68. urtetik gaur arte egindako ibilbidea azaltzea, orainaz gogoeta egitea eta datozen urteetarako norabidea zehaztea izan dira biltzarrean lanik garrantzitsuenak.

Horiek eta beste hainbat gai interesgarri Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 102. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da).

Euskadi, auzolana