Joan edukira

Posta-helbideak nola idatzi

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Egokia iruditu zaigu helbideak nola idatzi behar diren gogoraraztea, gai honen gainekoak sarritan argitaratu diren arren, eta kontu erraza izanik ere, maiz egiten baititugu akatsak helbideetako hainbat eremutan.

Posta-helbideak idazterakoan hurrenkera jakin bat jarraitu behar dugu, eta ezin ditzakegu nolanahi aurkeztu. Bertan jarriko ditugun datuek zehatzenetik orokorrenera ordenatuta egon behar dute, eta ez dugu jarriko beharrezko ez den daturik. Honako hauek ditugu helbidearen osagaiak:

  • Hartzailearen datuak (izen-abizenak, enpresaren izena…)
  • Helbidea (bidearen izena, bide mota, zenbakia, pisua, aldea)
  • Posta-kodea eta herria
  • Probintzia eta herrialdea (azken datu hori bidalketa internazionaletan soilik, eta letra larriz hobe)

 Ikusi adibideak:

Ohiko akatsak helbideak idazterakoan

Uste baino akats gehiago egiten ditugu helbideak idazterakoan. Bateko laburdurak, besteko puntuazioa edo letra larriak zalantza iturri izaten dira, eta ez ditugu zuzen idazten. Jarraian, zalantzok argitzeko asmoz, ohiko akatsen zerrendatxo bat bildu dugu.

Noiz letra larria?, noiz xehea?

Letra larriz idatziko dugu nazioarteko gutunetan herrialdeari dagokion datua: FRANTZIA, ITALIA… Herrialde bateko hizkuntza nazioartean ezezaguna bada, ezagunagoa den hizkuntza batean errepikatuko dugu datua tarteko herrialdeetan ulertzeko arazorik izan ez dezaten:

CRNA GORA MONTENEGRO

                                                                                 
Probintziari dagokion datua letra xehez adieraziko dugu: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba…

Bide mota adierazi behar da?

Gomendatzen dugu beti adieraztea bide mota. Ez da derrigorrezko datua, baina lagungarria da kalea, etorbidea, plaza edo enparantza, auzoa, errepidea edo zer nolako bidea den adieraztea; batez ere mota ezberdineko bi bidek antzeko izena dutenean, datu hori izango da postariari lagunduko diona bata eta bestea bereizten. Ikus adibidea:

San Juan Ibarra plaza 
San Juan kalea 


Plaza edo kalea den adierazten ez bada, gerta daiteke postariak bata bestearekin nahastea, eta pakete edo gutuna behar den tokira ez iristea.

Puntuazio markak nola?

Euskaraz ez dago komarik kalearen izenaren ondoren, gaztelaniaz ez bezala. Beraz, euskaraz zenbakiaren ostean jarriko dugu koma, zenbakia eta pisua bereizteko.

Ledesma kalea 20, 4. bis
Florida kalea 19, 4. barruko ezkerra
Manuel Iradier kalea 7, 3. dptu. 2
Gasteiz etorb. 10, 2. A
Gasteiz-Irun erp. 5. km.
Vicente Goikoetxea enp. 1, 1., 1. bul.

 
Posta-kodea eta herria bereizteko ez dugu inolako puntuazio markarik erabiliko; tarte zuri bat utzi, eta zuzenean jarriko dugu herriaren izena.

 01008 Vitoria-Gasteiz

                     

Laburdurak erabiliko ditugu?

Helbideetan egokiak dira laburdurak. Testuetan, oro har, hitz osoak erabiltzeko gomendioa ematen badugu ere, helbideak idazteko espazio arazoak izaten ditugunez sarri, egokitzat hartzen dira laburdurak. Hori bai, laburdurak era egokian eta bukaerako puntua dutela idatziko ditugu. Hona hemen helbideetan maiz erabiltzen diren laburduretako batzuk:

Pisua zein aldetan dagoen nola adierazi?

Pisua zein aldetakoa den adieraziko dugu, baldin eta alde bat baino gehiago badago. Letra bidezkoa bada, letra larriz adieraziko dugu: A, B, C… Ezkerra ala eskuma adierazteko, berriz, hitza osorik zein ezk. eta esk. laburdurak erabiliko ditugu. Kontuz halakoekin:  

Manuel Iradier kalea 7, 3. eskuma // Manuel Iradier k. 7, 3. esk.   
Gorbeia kalea 20, 4. A (laugarren pisua, A aldekoa) 
Gorbeia kalea 20, 4.a (laugarren pisua, alde bakarrekoa)  
Gasteiz etorbidea 10, 2. ezkerra // Gasteiz etorb. 10, 2. ezk. 

                                                                                                                     

   Informazio gehiago:

Euskadi, auzolana