Joan edukira

Dagoeneko kalean Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 106. zenbakia

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

IVAPeko webgunean ikus dezakezu Administrazioa Euskaraz aldizkariaren azken zenbakia.

Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

 

Jakoba Errekondo (Usurbil, 1961) agronomo eta paisajista elkarrizketatu dugu. 1985ean hasi zen Argia astekarian idazten, eta Euskadi Irratian kolaboratzen. Elhuyar aldizkarian ere idatzi izan du, eta hainbat liburu argitaratu ditu. Solasaldi interesgarria izan dugu, eta, besteren artean, baratzea izatearen abantailak eta emakumeek baratzean egindako lana azpimarratu dizkigu. Luze jardun du baratzeaz. Norbaiten baratzea ikusi, eta berehala asmatuko omen luke nolakoa den pertsona hori, informazio handia ematen baitu baratzeak Errekondoren esanetan.

Zientzia atalean, “Giza ugalketa, maitagarrien ipuinak eta matxismoaren albo-kalteak” artikulua dugu. Hainbat konturen artean, espermatozoide matxoaren mitoa haustera dator artikulua, eta hori garrantzitsua da ernalketa-prozesua ondo ulertzeko eta ugalketa-arazoei irtenbide egokia aurkitzeko. Denbora luzez esan izan dute gizonaren adinak ez duela axola ugalketarako. Orain, ordea, jakina da gizonak adinean aurrera egin ahala apaldu egiten dela espermatozoideen ernaltzeko gaitasuna. Ernaldu eta haur bat izanez gero, berriz, handitu egiten da haurrak osasun-arazoak izateko arriskua. Izan ere, adinarekin, espermatozoideen DNAn mutazio kaltegarriak izateko aukera areagotuz doa, eta esperman ere gertatzen diren aldaketek zaildu egiten dute ernalketa zein ernaldutako obulua umetokian ezartzea eta garatzea.

Adinak ez ezik, beste faktore batzuek ere eragiten dute espermatozoideen kalitatean eta ernaltzeko gaitasunean, baina tabu dira. Horrek ekarri du ardura guztia emakumeengan jartzeko joera. Baina tabuak gizonei ere egiten die kalte. Gehiago jakin nahi duzu?

Hitzez hitz atalean, Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburuxka du hizpide Alfontso Mujikak. Ekainean aurkeztu zen, Euskaltzaindiaren 100. urteurrenaren kariaz antolatutako Nazioarteko Onomastika Jardunaldian. Euskaltzaindiko Onomastika batzordea da egilea, eta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratu da.

Euskal odonimiako eskuliburua du azpiizenburu. Helburua, izan ere, eskuliburu labur eta ulergarri bat egitea izan da, gaiari buruz interesa duen edonork ulertzeko modukoa. Zer dago eskuliburu honen atzean?

Horiek eta beste asko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 106. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da).

Euskadi, auzolana