DUDANET: Abiadura adierazteko modu egokia

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre,
Abiadura adierazteko modu egokiak zalantzak sor ditzake. Hala, magnitude horren laburtzapena deklinatzeari buruzkoa da Dudanet zerbitzuan erantzundako kontsulta hau.
Galdera
Egun on:
Nola idatzi beharko genuke, 100 km/h abiadura ala 100 km/h-ko abiadura? Eta esan?
Eskerrik asko
Erantzuna
Aipatzen duzun egitura honela idatzi beharko litzateke: 100 km/h-ko abiadura. Irakurtzean, aldiz, hauxe da forma zuzena: “orduko ehun kilometroko abiadura”.
Abiadura adierazteko, beste forma hau ere erabil daiteke; alegia, deklinabide kasu gabe:
Abiadura: 100 km/h.
Kasu horretan, bi modutara irakur daiteke: “orduko ehun kilometro” zein “ehun kilometro orduko”.
Baina aipatu duzun kasuan, ahoskatzeko aukera bakarra hobesten da.
Informazio gehiago:
ZUBIMENDI, Joxe Ramon. Ortotipografia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2004. (41. or.)
Mota horretako zalantzaren bat sortu zaizu esku artean duzun testuan? Bidali egiguzu Dudanet zerbitzura, 24 orduko epean erantzungo dizugu.