Joan edukira

Paragrafo digital eraginkorren lau propietateak

#

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Ez darabilgu irakurketa-patroi bera testua pantailan irakurtzen dugunean edo inprimatutako formaturen batean dagoenean. Premisa horretatik abiatuta, hainbat alderdi zaindu behar ditugu testu digital egokiak idatzi nahi baditugu. Gaurko postean, faktore horietako bat aztertuko dugu: paragrafoa.

Ingurune digitalean funtzionatuko duen paragrafo bat osatzeko, 4 faktore izan behar ditugu kontuan.

  1. Gai bakarra

Paragrafo batek ez du izan behar egituratu gabeko ideia-multzo hutsa. Katalogoek bezala, testu bateko paragrafo bakoitzak gure testuetara informazio bila hurbiltzen den edozein irakurleren balizko zalantza zehatz jakinei erantzun behar die. Hortaz, komeni da paragrafo bakoitza aparteko objektu legez lantzea; alegia, testuaren esanahi orokorraren baitan helburu jakina duen zentzu-unitate (leiho berri batean irekitzen da) gisa, ideia nagusi batekin eta informazio osagarriarekin.

Horrela izanik, elkarrekin lotutako hainbat gai konplexu biltzen dituen paragrafo bat osatu duzula antzemanez gero, egokiena da informazio-bloke hori hainbat paragrafotan xehatzea.

 

  1. Egitura argia

Paragrafo baten egitura ondo definituta badago, edukia errazago irakurriko da. Aitzitik, elkarren arteko harremanik ez duten ideien pilaketa hutsak ulermen arazoak sorrarazten ditu. Elementuen antolaketa argi horretarako giltzarria esaldi nagusia da, zeinaren orbitan kokatzen diren gainerako esaldiak. Ondorioz, perpaus nagusia identifikatzeak eta nabarmentzeak irakurketa errazten du.

Testu digitalen irakurketa-patroiei erantzuteko, komeni da ideia nagusia paragrafoaren hasierara aurreratzea. Modu horretara, internautek erraz identifikatzen dute paragrafoaren ideia nagusia eta, ondorioz, hobeto jarrai dezakete testuaren haria.

Era berean, ideia nagusia lehenengo esaldian kokatuta, skimming egiteko aukera eskaintzen dugu; beste era batera esanda, paragrafoa osorik irakurri gabe ere, hurrengora pasatzeko aukera ematen dugu. Horrela, irakurle batek testuaren ideia orokorra eskura dezake, soilik paragrafo bakoitzeko lehen esaldia irakurrita.

Adibide desegokia 
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko. Horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren.

Adibide egokia
Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko. Horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Argi egituratutako paragrafoen bigarren ezaugarri bat esaldien arteko lotura zehatza da. Esaldien arteko harremana argi utziz gero, paragrafoaren barne-koherentzia argitzen dugu, eta, ondorioz, irakurmena eta ulermena errazten. Esaldien arteko loturak ezartzeak ("pista" edo "seinale" gisa, testu-markatzaileen (leiho berri batean irekitzen da) bidez) irakurlearen lan-memoria mobilizatzen du, haren arreta pizten baitu.

  1. Luzera egokia

Paragrafoen luzera egokia (leiho berri batean irekitzen da)z jardutea baino eraginkorragoa da argi izatea beti dela errazagoa paragrafo laburrak irakurtzea eta hasieratik amaierara arte ulertzea; izan ere, informazioa unitate laburretan banatuz gero, errazago da enuntziatu luzeak prozesatzea. Bestalde, zenbat eta luzeagoa izan paragrafo bat, orduan eta zailagoa da gaiaren erreferentzia oroimenean aktibo mantentzea.

Alderdi horren garrantzia areagotu egiten da ingurune digitalean, erabateko garrantzia baitu paragrafoak osatutako testu-blokea osorik eta modu argian bistaratzea pantailan. Horrek esan gura du administrazio-testuetan ohikoak diren paragrafo luzeek ez dutela hain ondo funtzionatzen sarean.

 

  1. Harreman koherentea

Bigarren puntuan aipatutako barne-koherentziaz gain, paragrafo bakoitzak kanpo-koherentzia ere gorde behar du; alegia, testuaren beste paragrafoekiko lotura zehatza izan behar du. Koherentzia hori edukiarekin eta formarekin lotuta dago.

Edukiari dagokionez, paragrafo bakoitzeko ideiek testuaren garapen kontzeptuala bermatu behar dute. Formari dagokionez, berriz, paragrafo bakoitzak zehazki adierazi behar du zein konexio duen testuaren beste atal batzuekin. Azken horretarako, aipatutako testu-markatzaileak erabiltzen dira; esan bezala, irakurketarako orientazio-seinale gisa funtzionatzen duten lokailuak.

Adibide desegokia
Erkidegoaren finantzaketa, oro har, ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bidez lortzen diren laguntza ekonomikoak, eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik lor daitezkeenak, Erkidegoaren finantzaketa estaltzen ez duen aurrekontuaren ehunekoa estaltzeko erabiliko dira, proiektu bererako jaso daitezkeen laguntza guztien baturak ez duelarik onartutako aurrekontuaren % 100 gaindituko. Edozein kasutan, baturak % 100 gainditzen badu, laguntza hori dagokion proportzioan gutxituko da.

Adibide egokia
Erkidegoaren finantzaketa, oro har, ekintzaren aurrekontuaren % 100era iristen ez denez, deialdi honen bidez edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen bidez lortzen diren diru-laguntzak Erkidegoaren finantzaketa estaltzen ez duen aurrekontuaren ehunekoa estaltzeko erabiliko dira.

Nolanahi ere, proiektu bererako jaso daitezkeen laguntza guztien baturak ezin izango du onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Edozein kasutan, baturak % 100 gainditzen badu, laguntza hori dagokion proportzioan murriztuko da

Aipatutako lau ezaugarriek berebiziko garrantzia dute testuetako paragrafo estrategikoetan. Horrela deritze irakurleen arreta berezia jasotzeko aukera gehien dituzten paragrafoei; gehienetan, testuen hasierako eta amaierako paragrafoak izaten dira.

Izan ere, zenbait eskuliburuk gomendatzen dutenez, lehen paragrafoa testu batean idatzi beharreko azken elementua izango litzateke. Modu horretara, testuaren perspektiba orokorra izanik, errazagoa da testuaren irakurketarako pizgarri eta gida eraginkor gisa funtzionatuko duen paragrafo zehatz bat osatzea. Erabili duzu inoiz lehen/azken paragrafoaren teknika?

Bukatzeko, hemen dituzu zure testuetako paragrafo bakoitzaren eraginkortasuna aztertzen lagun diezazuketen galdera batzuk:

  • Paragrafo autonomoetan bereiz daitezkeen hainbat gai biltzen ditu?
  • Ideia nagusia paragrafoaren hasieran dago?
  • Zehatza da esaldien arteko lotura?
  • Luzera egokia du?
  • Argi geratzen da paragrafoaren funtzioa testu osoari dagokionez?

Euskadi, auzolana