Joan edukira

Baldintzazko perpausak testu elektronikoetan

#

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Administrazioko egintzetan, ohiko elementuak dira betekizunak. Administrazio jardunbideren bat burutzeko ezinbesteko ezaugarriak adierazten dituzten elementuak dira; alegia, herritarrak bete beharreko eginbideak, baldin eta prozedura administratibo jakin batean jardun gura badute.

Blog honetan aldarrikatzen dugunez, ahalik eta forma soilenak erabili beharko genituzke administrazioko testuetan; bestela esanda, edukiak herritarren eguneroko hizkeratik hurbilen dauden hitzen bidez adierazi beharko genituzke. Ikuspegi komunikatiboaren ildo horretatik, baldintzazko perpausak dira betekizunak euskaraz deskribatzeko modurik egokiena.

Alabaina, testu administratiboetan, bestelako moldeak ere ikusi ohi ditugu; zenbait hizkera argiaren irizpideen aurkakoak:

Adibide desegokia Langileak bere ohiko bizilekutik 150 km-tik gorako bidaia bat egin behar izatearen kasuan, lizentziak beste egun bi luza daitezke.
Adibide desegokia 2020ko edo 2021eko KPIa negatiboa izatearen suposamenduan, urte horretan bermaturiko % 1ari kenduko zaio.

Horiek guztiak, erraz ordezka daitezke baldintzazko perpaus naturalagoekin:

Adibide egokia Langileak bere ohiko bizilekutik 150 km-tik gorako bidaia bat egin behar badu, lizentziak beste egun bi luza daitezke.
Adibide egokia 2020ko edo 2021eko KPIa negatiboa izanez gero, urte horretan bermaturiko % 1ari kenduko zaio.

Baldintzazko perpausen egitura

Azter dezagun orain baldintzazko esaldiak taxutzeko modua. Aipatu izan dugu, pantailarako testuen ezaugarriei gagozkiolarik, perpaus nagusia mendekoaren aurretik jartzea komeni dela esaldiak taxutzeko orduan. Hala, esaldiaren ideia nagusia aldez aurretik adierazten dugu eta irakurleak hobeto uler ditzake ondoren datozen osagaiak; hurrenkera hori hobeto egokitzen da pantailako irakurketa patroietara.

Aldiz, baldintzazko perpausen kasuan, bestelako hurrenkera proposatzen dugu. Izan ere, “Baldintza hau ematen bada, ondorioa hau izango da” egitura oso eraginkorra da informazioa kodetzeko. Hala izanik, hurrenkera hau erabili beharrean…

Adibide desegokia Epaileak desegindakotzat deklaratuko du ezkontzaren erregimen ekonomikoa alderdiren batek hala eskatzen badu.

… beste hau hobetsi beharko genuke:

Adibide egokia Alderdiren batek hala eskatzen badu, epaileak desegindakotzat deklaratuko du ezkontzaren erregimen ekonomikoa.

Bereziki, perpaus nagusia luzea denean:

Adibide egokia Alderdiren batek hala eskatzen badu, epaileak desegindakotzat deklaratuko du ezkontzaren erregimen ekonomikoa eta irabazpidezko sozietatearen likidazioa egin ahal izango da ezkontzaren erregimen ekonomikoa likidatzeko prozeduraren bidez.

Bestalde, irizpide hau ez da hain zorrotza baldintzazko perpausa luzea denean. Halakoetan, elementuen pilaketek perpaus nagusiaren mezua atzeratzen dute, eta irakurketa oztopatzen.

Adibide desegokia Demandan erreklamatutako zenbatekoak eta horiek ordaintzerakoan zor dituzunak ikustaldia egin baino lehen auzi-jartzaileari ordaintzen badizkiozu, auzitegian haren esku uzten badituzu edo gauza bera notario bidez egiten baduzu, utzarazpena bertan behera utz daiteke.

Horrelako kasuetan, hobe da perpaus nagusia aurreratu eta baldintzen katea atzeratzea:

Adibide egokia Utzarazpena bertan behera utz daiteke, baldin eta demandan erreklamatutako zenbatekoak eta horiek ordaintzerakoan zor dituzunak ikustaldia egin baino lehen auzi-jartzaileari ordaintzen badizkiozu, auzitegian haren esku uzten badituzu edo gauza bera notario bidez egiten baduzu.

Eta zuk zein egitura darabilzu betekizunen berri emateko?

Euskadi, auzolana