Joan edukira

Banakarien puntuazioa (bai..., bai...; edo..., edo...)

#

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Banakariak, oro har, komaz bereizten dira esaldian: <bai... bai…>, <ez… ez…>, <edo… edo…>.

Edo sartu, edo irten, baina ez egin trabarik.
Nahiz izan aberatsak, nahiz izan pobreak, denak bizi dira etxoletan.
Orain ondo, orain gaizki, horrela dabil azkenaldian.
Bateko lana, besteko eguraldia, beti aurkitu ohi du ez agertzeko aitzakia. 

Baina arau orokor horrek baditu salbuespenak.

Ez dugu komarik jarriko:

  • Subjektuaren eta aditzaren artean.

Bai batzuk, bai besteak (subjektua) azterketara aurkeztu ziren. (subjektuaren ostean komarik ez)
Etxera ez da heldu ez paketerik ez gutunik. (subjektua)

  •   Egiturok galdegai direnean, hots, aditzaren aurrean doazenean, juntagailuak erabili ohi dira, ez komak.

Bai neguan eta bai udan gustatzen zait kostaldera joatea.
Bai zuek eta bai gu iritsi gara berandu.

  •  Perpaus nagusia eta mendekoa ditugunean, egitura banakaria mendekoaren parte bada, ez dugu komarik jarriko.

Esan digute bai bata (eta) bai bestea egin ditzakegula. (konpletiboa)
Haurra ez handi ez txiki zela etorri ziren herrira bizitzen. (denborazkoa)
Bai beltza (eta) bai zuria egokiak direlako utzi dizut aukeratzen. (kausazkoa)

Informazio iturria:

 

Euskadi, auzolana