Joan edukira

Erabili agintera argibideetarako

#

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Blog honetako hainbat postetan aipatu dugu zer-nolako garrantzia duten argitasunak eta zehaztasunak testu komunikatiboak eratzeko orduan.  Gaurkoan, ildo bereko beste ekarpen batekin gatoz. Post honetan, argibideak adierazteko agintera erabiltzearen onuraz jardungo dugu.

Ezer baino lehen, azpimarratu behar dugu ezen argibide edo instrukzioak ezinbesteko elementuak direla prozedura administratiboarekin lotutako testuetan. Jarduera administratibo askotan aurrera egiteko, herritarrek ekintzaren bat gauzatu behar dute: eskabidea bete, laguntza onartu, errekurtsoa aurkeztu... Horiek modu egokian betetzeko, argi izan behar dute zer eta nola egin.

Gure iritziz, agintera tonuko adizkiak dira herritarrari eginbeharrak zehazteko modurik argiena. Euskaraz, adizkera hori bi modutara adieraz daiteke:

· aditz-oina erabiliz: jaso zure jakinarazpena
· adizki perifrastikoak erabiliz: jaso ezazu zure jakinarazpena

Zenbaitentzat desegokia gerta daiteke herritarrengana agindu bidez zuzentzea. Horren ordez, ohikoak dira administrazioko testuetan, bestelako egiturak. Esate baterako:

Ahalera
Eskari-orria deskarga dezakezu; bete ondoren, behar den dokumentazio guztiarekin batera bidal  dezakezu, 2018ko azaroaren 22a baino lehen.

Alegiazko adizkiak
Edozein gauza galdetu (datak, baldintzak...) nahi izanez gero, harremanetan jar  zintezke gurekin. Horretarako,  mezu elektroniko bat idatz  zenezake, edo honako galdetegi hau bete zenezake.

Derrigortasuna adierazteko perifrasiak
Atal honetan ez baduzu aurkitzen nahi duzun informazioa, Erregistratu atalera joan behar duzu. Bertan, erregistratu egin behar duzu zerbitzua erabiltzeko. Momentu horretatik aurrera,  identifikazio-datu horiek erabili behar dituzu aplikaziora sartzeko.


Eduki hori askoz argiago izango du hartzaileak baldin aginterazko adizkiak erabiltzen baditugu. Bidenabar, testu naturalago eta laburragoak osatuko ditugu. Gainera, aditz molde horrek aukera ematen digu aditz nagusia aurrealdean jartzeko; alegia, esaldiko elementu nagusia albait arinen (leiho berri batean irekitzen da)jakinarazteko.

Deskargatu eskari-orria; bete ondoren, bidali, behar den dokumentazio guztiarekin batera, 2018ko azaroaren 22a baino lehen.

Edozein gauza galdetu (datak, baldintzak...) nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan. Horretarako,  idatzi mezu elektroniko bat, edo bete honako galdetegi hau.

Atal honetan ez baduzu aurkitzen nahi duzun informazioa, joan Erregistratu atalera. Bertan, erregistratu, zerbitzua erabiltzeko. Momentu horretatik aurrera, erabili identifikazio-datu horiek aplikaziora sartzeko.

 

Azkenik, kontuan izan herritarrok ohituta gaudela aginterazko adizki bidez osatutako argibideetara; esate baterako: aplikazio bat jaisteko, gailu bat martxan jartzeko edo sukaldaritzako jaki gozo bat prestatzeko.

 

 Aditzen erabilerarei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, kontsultatu Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko argitalpena (PDF, 6 MB)

Euskadi, auzolana